Züberoko maskaradet ako Gatüzainaz

Thierry Truffaut

 

Jean Michel Guilcher jaunaren ikerlan batek erakutsi deigünaz, Maskarada gorriaren Aitzindarietako parteliant hau igaran mente ürrentzean baizik ez da saldo hortan sartü.

 Dantzari entrabaleko bat bezala ikusirik izan da lüzaz eta, bereziki, txaskoini egile eginkizün bat emaiten zeion.

 

Orai berri artino, personaje honen sorterroetaz ez günüan argibide hanitx bena mürrü margo zahar elibat bai eta Andorrako Ordino herriko ihauteriak ikusi ondoan, parekatze zonbait egin ahal üken dütüt.

 

Ikusteko parada üken düdan lehen mürrü margoa Pariseko Libürütegi Nazionalean goititürik da.

Hontan, 'Comédiens de l'Hotel de Bourgogne' antzerki saldoko personaje bat ageri da 'Gatüa' izenez ezagützen dügün tresna bat esküetan.

Erabilteareki lüzatzen den trükesa gisako trastü horri 'Happe-Chair' izena ere eman ohi zaio.

 

Personaje horrek badü lapurtar Ihautirietako 'Ponpierra' delakoareki egite handia, honek ere, bere ertzo builtetan, 'Haizturra' izeneko tresna berberra erabilten beitü.

Arren, Gatüzain bai Ponpierra txaskoini egile eta ertzoen mündü batez mintzo zeizgü eta mente bat beno zaharrago diren beren jauntsietako margoak berak ere, hots hoili-urdinak, ez dira balinban gertüzkoak.

Ezi, saldoko beste partelianten gorriarekin bi margo horik ez dira aurride eta direla.

Holiaren kasüan ezagütürik da hori, bena urdina ere agertzen da üsü idatzi zaharretan ageri diren marrazkietako ertzoen erredoletan. Artetik erraiteko ere, Eüskal Herriko ihautirietako beste personaje zonbaitek ere jauntsi ñabarrak badütüe, hala nola Oioneko 'Katxi'-k (Araba), Otsagiko 'Bobo'-k edo Lantzeko 'Mozorro'-ek (Nafarroa).

 

Ata, Gatüzainaren lehenagoko arropa ez zen hori. XIX. Mente ürrentzeko eta XX. Hatsarrekoa den Baionako Eüskal Erakustokian goititürik dena, zolatik gain xuri da. Soinekoak, halere, xerrenda gorri eta urdineko pezaz eta holi, urdin eta gorri diren ttaka elibatez apaintürik da. Horrek, düda denmendrenik gabe, Andorran kausitzen den Ordinoko ihautirietako 'Arlequins' personajeak oritarazten dütü.

Ezi, horiek ere, beren jauntsi xurietan peza margodünak badütüe nahiz eta xuria den nausi egoiten. Xüxenean baniz, arren, Gatüzaina, Arlequin kenteko personajeetarik lizateke.

 

Erromako Ederlan eta Ohidüretako Erakustokian ikusten ahal den beste margo batek ere barneago ikertzera lagüntzen gütü.

Honek, XIX. mentean Erromako ihautiriak erakusten deizgü eta personajeen artean ageri da bat balku batetan den neskatila bat atzaman beharrez 'Gatüa' üdüri tresna bateki.

 

 Horrek, jüstoki, oritarazten deigü, Züberoako honenbeste bat erranetan tresna hori aipatürik zela eta erraiten züela neskatilen atzamaiteko, haurren lotsarazteko, maskarader bidea zabaltzeko (egünko egünean, Txerreroak bere Txerrarekin egiten düana) eta bijitatzen ziren etxeetan 48 lükainkak selauretik ebasteko erabilirik zela.

Azken gertakari hau Maskak deitü gaüaz gaüeko maskarada elibatetan agitzen zen, maskatürik eta zirzilki bezti zen saldo bat etxeetan sartzen zelarik, Gatüzain bat aitzinean.

Basabürüan bada errana ere Basa Jaunari zor zirenen bila horra zela hau.

 

 Etxeetan sartze horrek ere Arlequin personajeareki zerbait lotüra balüke. Ezi, 1580. eko mürrü margo batek Harlequin zirzill bat erakusten deigü eta dakigünez, pilda txar horietan kurritzen ziren eta haurrak iziarazten zütüen jente tristant elibat bat bezala ezagütürik ziren Alemania, Hollanda eta Flandria gainti horietan.

 Kartiel horietan hilen txerka horra ziren beste mündüalat lagüntzeko.

 

 Sineste hori ere bizi-bizian da Gaskoina eta Eüskal Herrian, 'Artus erregearen ihiztekak', 'Errege Xalamon' eta 'Mateo Txistu' izenez. Artus eta Hartzaren artean parekatze bat egitea ere balegoki zeren gogoan etxeki behar beita, lehenagoko denboretan, hartzaz ustekeria bazela hilen txerka horra zela.

 

Arren, Gatüzainaren sorterroa, bidez bide zebilen jente zirzill eta tristant horren oritzapenean litzateke eta honen egitekoa zen urte zaharrez etxeetan agitü ziren hilen eramaitea bere Gatüa baliatzez, ber zoinean ere, hatüen hartzez ordain gisa.